Skip to main content

Aizpeako meategira SL-Gi 36

Ibilbidea Zeraingo Plazan abiatzen da eta Antxaputzuko errotondan, Burgomendi azpialdean, hartzen du Aizpea aldeko norabidea. Maldan behera Arane, Iñurrategi eta Etxeaundi baserrien ingurutik Presagainera jaisten da. GI-4262 errepidearen beste aldean, Aizperrekaren albotik, Aizpitta Interpretazio Zentrora zuzenean doan oinezko bidea abiatzen da Monumentu izendatutako Burdinaren Mendian barneratuz.

San Joan iturri bidea PR-Gi 208

Oso atsegina den ibilbide zirkularra,Legorretako plazatik, Baliarraingo San Joan iturrikoaisia gunera eramango gaituena. Baso eta baserri artean ibiliko gara bide erdia egin arte, bertako aisia gunean atsedena hartzeko. Jetsiera ere baso eta baserri artean egingo dugu beste alde batetik.

Koateko bidea SL-Gi 49

Sarritan gertatzen den moduan, ustez mami gutxi zegoen tokian arakatzen hasi, eta balio handiko altxorrak aurkitu dira. Halaxe gertatu da Legorretako xendetan aurkitutako sendabelarrekin: ibiliaren ibiliaz eta begiak azti, galtzear zeuden belarrak, erremedioak eta ukenduak jaso dira. Herritarren arteko ahozko transmisioa ezinbestekoa izan da bide horretan.

Burnigurutzeta Bidea PR-Gi 207

Legorretako plazatik abiatuta, Albizturko Santa Marina auzorantz igotzen den ibilbide zirkularra. Ez da Santa Marina bertatik igarotzen, lehenago hartzen bait du beheranzko bidea, Koate auzotik pasaz eta berriz ere Legorretara iritsiz.

Lazkao-Iramendi PR-Gi 3

Lazkao herria protagonista duen ibilbide honetan lehenengo herri-gunea zeharkatuko dugu, jarraian baserri-giroan barneratzeko, Lazkaomendiko mendatetik pasaz. Lazkao-Txiki bertsolari ezagunaren jaiotetxe izan zen Abalizar baserriaren aldamenean igaroko gara ere.

Mandubia-Larrarte-Garin-Astigarreta PR-Gi 55

Mandubiko mendatetik irteten da ibilbide zirkular hau eta Beasaingo Garin eta Astigarretako auzoak zeharkatzera eramango gaitu. Garai batean ibiltari ugari igarotzen ziren Mandubia edo Beasaingo norabidean, gure geografian ahaztuta gelditu dira Garin eta Astigarreta auzoetatik.

Burgomendiko bira SL-Gi 34

Ibilbidea Zeraingo Plazan abiatzen da, eta herriko kale nagusitik barrena, pilotaleku ondotik, Ostatu aldera jaisten da.
Aralar Parke Naturala eta Txindoki aurrez aurre dituela, Antxaputzutik Burgomendiko basoan barneratzen da.
Mendixkari buelta emanez, Antxaputzuko errotondan Plazarako bidea hartzen du, bolatoki, aterpetxe, museo etnografikoa, Mandioa eta elizaren ondotik pasatuz. Ibilbideak zortzi baten forma hartzen du.
Ibilbide hau jarraituz, Zeraingo gune urbanoa dotoretzen duten landare apaingarriz gain, Burgomendiko hariztia ezagutuko duzu. Herri kaskoan bertan, hiri handiek hainbeste desio duten birika ekologiko aparta da Burgomendi.
Umeekin egiteko ibilbide aproposa.

Zaldibia-Arkaka SL Gi-2008

Zaldibia, Urtsuerreka eta Amundarainerreka errekek zizelkatutako ibarretan kokatzen da, Aralar mendilerroaren iparraldeko magalean.
Industria heltzearekin bertako eguneroko jarduerak metamorfosi itzela pairatu bazuen ere, Zaldibia lurrari, mendiari eta hauek eskaintzen dituzten baliabideei oso lotuta egon da. Gizaldi askotan berauek izan dira, lan neketsuen ondorioz, herritarren sostengu.
Aralarko sarrera nagusienetarikoa da Zaldibiakoa, bertatik erraz sartzen da Aralarko mendigunera, besteak beste Enirioko galtzadan zehar.
Zaldibiko erdigunetik abiatzen da proposatzen zaizun ibilbidea. Amundarainerrekaren ibilguari kontrako norabidean heldu eta baserri, soro eta larreez osatutako landa ingurune zoragarrian egingo dugu bidea Arkaka deritzan gunera iritsi arte.
Oso ibilbide erosoa duzu. Ibilbidearen 7,5 Km-ak asfaltaturik dituzu, beraz, haurren kotxeekin, bizikletan eta oro har familia giroan egiteko senderismo aukera bikaina eskaintzen zaizu.

Baserri artean SL-Gi 35

Landa giro tradizionala ongi gordetzen jakin duen herri txikia da Zerain.
Goierri eskualdean dago, Aizkorriko mendi-adarretan. Herri abegitsu hau betidanik egon da nekazaritzari eta burdina, ikatza eta egurra bezalako baliabide naturalen ustiapenari lotuta. Bizimodu tradizional hori nolakoa zen erakusten du, modu atsegin eta dibertigarrian, Zeraingo Parke Kulturalak.

Barbari, Aizkorpeko larreak PR Gi-26

Ibilbidea Zeraingo plazatik abiatzen da (345 m) eta Goikoaldaban barrena Barbari-mendiri buelta emanez plazara bueltatzen da.
Lehenego tramua Santiago bidea eta GR-34 Donostia-Arantzazu ibilbidearekin batera egiten du, Arrola errekara arte (400 m). Atal honetan garai bateko bide eta estradetatik igarotzen da baso mardul artean. Arrola errekari jarraituz, Aizkorri mendizerra aurrez aurre dela, Arrolazar baserri aldamenetik igotzen da Barbariaitza tontor aldera (583 m) Barbari auzoko baserri eta ardi-larreak atzean utziz, basoan zehar Gaztelumuñon behera (510 m) Txoritegiko haitzaren bueltan herriko plazan amaitzen da ibilbidea.
Ibilbide-motz (PR) honetan zehar basoa eta aratzaintzaren paisaiari lotutako baserri, borda, baso mardul, belardi eta larre zabalak izango ditugu aurrez aurre eta paisaia honen parte diren landareak ezagutzeko aukera aparta izango dugu.

Aizpeako minatatik

Ibilbide hau Zeraingo Aizpeako meategien inguruan egiten da.
Aizpitta interpretazio-zentrotik abiatzen da (bertan ibilgailua utzi dezakegu) eta 300 galeria inguru dauden burdinaren mendian murgiltzen da. Segurtasunagatik ezin da galeria hauetan sartu eta kiskalketa labeen aldamenean dagoen galeria bisitatu daiteke bakarrik aurretik hitzordua hartuta.
Ibilbidean zehar, ingeniarien etxea (Aizpittako interpretazio zentroa), kiskalketa labeak, kablea, materiala garraiatzeko erabiltzen zen trenbidearen erreplika eta Aizkorri-Aratz Parke Naturalaren parte den ingurune zoragarria ezagutzeko aukera izango dugu.

Zegama – Kanala

>>KANALEKO BIDE ZATI BAT ITXITA DAGO LUIZI BATEN ONDORIOZ<<

Ibilbidea, Aizkorriko magaletik doan kanal baten inguruan doa. Kanal honek, menditik datozen errekatxoak eta urak jasotzen ditu. Kanal hau, 1925. urtean eraiki zen eta indar elektrikoa lortzeko egin zen, gehienbat Zegamako papelerak erabiltzen zuena bainan argi indarra ez zuten baserri askok erabili zutena.
Gaur egun biodibertsitate ibilbide sare baten barruan dago. Kanalaren bidea Zegamako apeaderotik irteten da eta baso eta artzai txabolen inguruan igotzen hasten da.
Behin kanalaren haserara heldu, kanala jarraitu beharko dugu bakarrik eta bideak ez du desnibelik.
Kanalaren ur soinuen aldamenean ibiliko gara, lekuaren freskotasuna eta edertasuna sentituz. Kanalaren bukaeran Iturbieta izeneko presa bat dago eta Zegamako Electra zentralera bideratzen dira urak hodi baten bidez. Zentral honetan argi indarra sortzen da oraindik gaur egun.

Zegama-Arrietaldea

Aizkorri-Aratz Parke Naturalaren Interpretazio zentroa den Anduetza Parketxean hasten da ibilbide hau.
Murgizelaiko merenderora igotzen hasiko gara eta ondoren, baserri-bideetatik Arrietahaundi agroturismora igoko gara. Hemendik, xenda bat hartuko dugu Zegama-Aizkorri maratoiaren kontrako zentzuan.
1,5 kilometro egin ondoren, bidegurutze bat hartuko dugu Zegamako apeaderora iritsi arte. Hemendik Zegamarako jaitsiera hasiko dugu xenda polit bat jarraituz.

Zegama-Tunelaundi

Anduetza Parketxean hasiko dugu ibilbidea eta bidean gora baserri artean bidea eginez, mendian sartuko gara beti ere gorantz eginez.
Goraka jarraituko dugu Iturbietako presara iritsi arte eta hemendik kanalaren aldamenean doan bide eroso hartuko dugu.
Behin kanalaren bukaerara iristerakoan, Zegamaranzko jaitsiera hasiko dugu.
Ibilbide lasaia eta atsegina, Kanalera iritsi eta Iturbietarainoko bidea laua duena.

Arriarango urtegiari bira

Ibilbide zirkular hau Arriarango urtegiaren presan hasten da.
Bertan XX. mendeko Nestor Basterretxea eskultore euskaldun famatuaren eskultura dugu. Ibilbide erraza da, laua, umeekin egiteko aproposa eta une askotan zuhaitz artean doana, beraz, bero egunetan eguzkitik babestea ahalbidetzen du. Ibilbidearen azken kilometroan urtegiaren alboan dagoen pista amaitu egiten da eta Salbatore eta Mandubia artean Beasaingo Astigarreta eta Garin auzoetatik igarotzen den errepidea hartu beharko dugu.
Errepide honetatik oso auto gutxi pasatzen dira eta horrez gain gure ibilbidea ez da aipatutako auzoetatik igarotzen.
Kotxea uzteko, ibilbideren hasieran dagoen errepide bazterrean utzi daiteke.

Zegama – Murgizelai

Kilometro eta erdi besterik ez duen ibilbide zirkularra da hau, Aizkorriko gailurrik garaienen itzalpean burutzen da. Zegamako Anduetza baserrian dagoen Parke Naturaleko Interpretazio Zentrotik irteten da bidea. Baserri arteko bideetan barrena eta hamaika ametzen gerizpean, familia giroan egiteko ibilbide aproposa da.

Segura, bizi iturri naturala

Seguran aurkitzen den ibilbide zirkular hau hiribildutik, baserri arteko auzo batetik eta Oria ibaiaren ertzetik igarotzen da eta bertan hiribilduko ezaugarri nabarmenenak islatzen dituzten gai desberdinetako panelak aurkituko dituzu: inguratzen duen natura, Erdi Aroko egitura, Santiagoko Bidea, merkataritza, uraren erabilerak…
Guztiek, Segura eskualde mailan garrantzi handiko hiria zeneko garaira eramaten gaituzte.


© Goierri Turismo. All rights reserved