Zaldibia-Arkaka SL Gi-2008
Zaldibia, Urtsuerreka eta Amundarainerreka errekek zizelkatutako ibarretan kokatzen da, Aralar mendilerroaren iparraldeko magalean.
Industria heltzearekin bertako eguneroko jarduerak metamorfosi itzela pairatu bazuen ere, Zaldibia lurrari, mendiari eta hauek eskaintzen dituzten baliabideei oso lotuta egon da. Gizaldi askotan berauek izan dira, lan neketsuen ondorioz, herritarren sostengu.
Aralarko sarrera nagusienetarikoa da Zaldibiakoa, bertatik erraz sartzen da Aralarko mendigunera, besteak beste Enirioko galtzadan zehar.
Zaldibiko erdigunetik abiatzen da proposatzen zaizun ibilbidea. Amundarainerrekaren ibilguari kontrako norabidean heldu eta baserri, soro eta larreez osatutako landa ingurune zoragarrian egingo dugu bidea Arkaka deritzan gunera iritsi arte.
Oso ibilbide erosoa duzu. Ibilbidearen 7,5 Km-ak asfaltaturik dituzu, beraz, haurren kotxeekin, bizikletan eta oro har familia giroan egiteko senderismo aukera bikaina eskaintzen zaizu.





















