Meatze guneetako historia
Mutiloan, Peatzan, Ollargainen, Gezurmuñon edo Aizpurun ateratako burdin minerala zen, Erdi Aroko garaitik, Urola ibaiaren eta Oria ibaiaren goialdean martxan zeuden burdinolen hornitzaile nagusia. XIX. mendearen amaieran Compañía Minera de Mutiloa S.A. enpresak ustiapen antolatu eta sistematizatua ezarri zuen. Hori lortzeko, azpiegitura berriak eraiki zituzten ekoizpen-sistema berriaren eskakizunei erantzuteko: Barnaola baserritik Ormaiztegiko geltokiraino joaten zen meatze trena, plano inklinatuak, mineral garbitegiak eta dekantazio putzuak…eta eskolarekin, kantinekin eta bulegoarekin batera, Ergoena auzoko mendi magalak bete eta nabarmen aldatu zituzten.