Goierriko muino batean aurkitzen da Gabiria. Esaerak honela dio: “Gabiri: toki guztietatik ageri”.



Paraje ederrak ikus daitezke bertatik: Aitzgorri, Aralar, inguruko zenbait herri txiki, ... Andra Mariaren eliza nagusia, udaletxea, ostatua (harmarri eta guzti) ditugu herriko eraikin aipagarrienak.

Aizelekuren magalean Aztiria auzoa dugu: hemen, pagoen itzalpean, Santa Marinaren baseliza da. Herriaren beste aldean Alegia auzoa dugu; bertan XV-XVI. mendeko urkabe paregabea dago: Gipuzkoan bizpairu besterik ez diraute zutik (garai bateko gaizkileak zigortzen omen zituzten urkabe hauetan).