Zegama Aitzgorri mendiaren magalean dago estrategikoki kokatua.
Zegama aintzinatik pasatoki nabarmena gertatu zen Gipuzkoako edozein bailaratara sartu ahal izateko. Erromatarren garaiko galtzada batek gurutzatua, San Adriango tunela da honen adierazgarririk nabarmenena. Tunela gotorleku batek babesturik zegoen eta gaur egun, bere barnean ermita bat dago kokaturik. Halaber, beste hiru ermita topa ditzakegu tuneletik bailararako bidean (Santi Spiritu, Iruetxetakoa eta San Pedroren ermita). Aitzgorritik ikuspegi ezin hobeaz goza dezakegu: gailurrean Gurutze Donearen ermita dago kokaturik eta bertako gurutzea Gipuzkoako arte sakratuaren osagarri garrantzitsua da.
Herrigunean honako eraikuntzak aipa daitezke: San Martingo eliza (Zumalakarregiren mausoleoa duena), Udaletxea, Arakamako errota eta Aizkorriko Ataria Interpretazio Zentroa.