Herriko jaiak Azintzioaren ohoretan ospatzen dira. Halaber, Gorpuzti egunean jaien errepikapena ematen da; egun horretan Udalak eskainitako ardoa barraskiloekin batera hartzea usariozkoa delarik.
Salbatore izeneko parrokia, inguruetako ederrenetarikoa da. Bere hormak, garaiak, harribizizkoak eta landuak dira. Barnekaldean, aipatzekoa da Ezeizaren artelana; hau, El Eskorialen eraikuntzan parte hartu zuen argin ospetsua da. Parrokiak, nabe bakarra, behe errektangularra, aldareburu poligonala, koruko sabaia gurutzeriazkoa eta Ezeizaren berrikuntzaren ondorengo erlojudun dorre hexagonala ditu ikusgai.
Eraikuntza artistiko honetaz gain, Legorretan bada Santa Kruz izeneko “humilladero” delakoa eta Santa Ana, Guadalupe eta Santa Marina izeneko ermitak. Legorretan zutik diraute Santiago Bidearen garaiko bi zubi.