Aizkorri-Aratz Parkean dago Euskal Herriko mendigunerik altuenetarikoa. 1.500m-tik gorako mendi guneak dituen berezko talaia honek, kantauriar-mediterraniar isurialdeak bereizten ditu.


San Adrian

San Adrian haitzuloa, aintzinako lurpeko ubideen eraginez sortua.


Natura kontutan izanik, asko dira Aizkorri-Aratzen nabarmendu daitezkeen alderdiak. Geologiari dagokionez, karbonatozko lurren morfologia ugari sartarazi dute: erliebe kizkurra eta gailur borobila duten mendikatetxoak, sakan handietako alde maldatsuak, gailurrak, sakonuneak... Horrela, besteak beste, Urbiako sakonunea aipa dezakegu; erliebe handiez inguraturik, 4km-ko luzera eta 1eko zabalera duelarik. Eta guztiz ospetsua den San Adrian haitzuloa (erregeen eta erromesen pasaleku), aintzinako lurpeko ubideen eraginez sortua; bi aldeetarako irteera duen 50m luzeko tunel handia dugu berau.

Ingurune aberats honetan animalia ugari ditugu; bertakoak diren mendialdeko espeziak nabarmen daitezkeelarik: arrano txikia, saizuria, aztorea, saia eta zenbait hegazti txiki, belatxingak eta mendi txirriskila dabiltza esparru honetan; ugaztunen artean elurlursagua, lepahoria, muxarra, basurdea eta azaria aipa ditzakegu.

Parkea bisitatzeko gomendatzen den bidea Aizkorrirako igoera da. Mendibide honek nolabaiteko zailtasuna du bere luzera eta goibehera dela medio. Hala ere, dituen gune interesgarriak (San adrian haitzuloa eta galtzada, Urbiako zelaiak, Zorrotzarriko zutarria...) ezagutu beharrezkoak dira. Bidenabar, aipatu, San Adrian haitzuloa, galtzada eta guzti, Santiago Bidearen pasabide dugula.