Non: Segura
Lekua: Segura
Eguna: Ostirala, otsailak 12
Seguran ohizko Ihauteri Jaiak ospatzen dira, aipagarriena orain dela gutxi berreskuratu den "Hartzaren Esnaera" irudikapena.
Herritar bat, ardi-larruak erabiliz hartz mozorrotzen da. Hartz hau gerritik soka batez loturik eramaten du kalez kale hartza zain batek. Hartzak jendea erasotzen du eta hartz-zainak eusten dio nolabait.
Hartz-zainak esku batean soka eta bestean latigo moduko bat darama. Hartza, basatia denez, egon ezinda eta lurretik bueltaka ere ibiltzen da.
Hartzarekin batera, jorrai dantzariak eta txistulariak doaz.
Hartza Udaberriaren mezularia: Hartzak negua lotan (hibernatzen) igaro du. Udaberriaren etorrerarekin hartz-zulotik ateratzen da. Pertsonaia honen esnatzeak, beraz, neguaren amaiera eta izadiaren berpiztea adierazi nahi du.
Euskal baserritarrak negute luzean pasatako estuasunen ondoren, alaitasunez agurtzen zuten udaberriaren mezulari zen hartz gordelekutik irten berria.